Proiektua ezagutzeaz gain, SIREM errezetaren funtzionamenduari buruzko zalantza praktikorik baduzu, hemen duzu OHIKO GALDEREI buruzko atala.
ENTITATE SANITARIO ITUNDUA AUKERATU DUTEN MUTUALISTAK
Prestazio sanitarioak eskaintzen dituzten aseguru-entitateei atxikitako mutualisten kasuan, MUFACEren Errezeta Elektronikoaren Sistema Integratua sortu da; alegia, SIREM. Sistema horrek preskripzioa egiteko aukera ematen die sistema propiorik ez duten aseguru-entitateei, baita beste entitate batzuen kanpoko preskripzio-sistemekiko eta farmaziekiko interkonexioa egiteko ere, sendagaiak emateari dagokionez.
PROIEKTUAREN BILAKAERA ETA PROIEKTUA EZARRITA DUTEN ERKIDEGOAK
2020ko maiatzaren 4an, eta lehendabizikoz Espainian lankidetza publiko-pribaturako esparru batean, MUFACEren errezeta elektronikorako sistema (SIREM) jarri zen martxan Kantabrian.
2022ko martxoan, errezeta elektroniko itundua ezartzen hasi zen Asturiasko Printzerrian, baita MUFACErekin 2022-2024 Ituna sinatu zuten hiru entitateen preskripzioaren esparruan ere. 2022ko azaroaren 23an, itunpeko mutualistentzako errezeta elektronikoa jarri zen martxan Kanarietan, eta are onura handiagoa lortu zen bertan, artxipelagoa dela-eta.
2023ko martxoaren 27an Extremaduran jarri zen martxan, eta ekainaren 20an Errioxan.
2024ko urtarrilaren 22an Nafarroako Foru Komunitatean ezarri zen, eta urte bereko otsailean, berriz, Murtziako Erregioan. 2024ko martxoaren 12an Balear Uharteak ere sartu ziren sisteman, eta 2024ko irailaren 9an eta 18an, berriz, Ceuta eta Melilla hiri autonomoak, hurrenez hurren.
2025eko uztailaren 1ean Gaztela-Mantxa sartu zen, hil bereko 15ean Galizia, eta, Aragoiren kasuan, berriz, 2025eko irailaren 11n hasi zen benetako abiaraztea. 2025eko azaroaren 4an Madrilgo Erkidegoan jarri zen martxan, eta azaroaren 25ean, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoan.
NOLA FUNTZIONATZEN DU? NON IKUS DAITEZKE MUTUALISTA BAKOITZAREN TRATAMENDU AKTIBOAK?
Errezeta elektroniko itunduari buruzko hainbat ideia garrantzitsu daude:
Sistemaren funtzionamendua ebaluatzeko, MUFACEk inkesta bat egin zien sistema lehenengoz ezarri zuten hiru autonomia-erkidegoetako probintzia-zerbitzuei (Kantabria, Asturias eta Kanariak) atxikitako mutualistei 2023ko maiatzean. Lortutako emaitzarekin egiaztatu zen pixkanaka-pixkanaka erabili beharreko prozesua dela, eta inplikatutako eragile guztiek lagundu egin behar dutela, batez ere entitateek, medikuek eta mutualistek. Puntu horretan, nabarmentzekoa da mutualistek zerbitzu hori eskatu behar dutela kontsultategira joaten direnean.
Elkarreragingarritasunari dagokionez, MUFACEk Asturiasen, Kanarietan, Kantabrian, Extremaduran, Errioxan, Nafarroan, Murtzian, Balear Uharteetan, Ceutan, Melillan, Gaztela-Mantxan, Galizian, Aragoin, Madrilen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen zerbitzu probintzialetako mutualistek errezetak eta ikus-onespenak modu elektronikoan lor ditzakete erkidego horietan, eta sendagaiak dagozkien farmazia-bulegoetan jaso. Haatik, kontuan izan behar dute errezeta-liburuxka aldean eraman beharko dutela, errezeta elektroniko itundua txertatua ez duten lurraldeetara bidaiatuz gero. Kontuan izan behar dute, halaber, hura ezarrita duten erkidegoetako landa-eremuetara bidaiatzen badute, aurretiaz informatu behar dutela, litekeena baita leku jakin batzuetan euren sendagaia errezeta elektroniko itunduarekin preskribatzea ezinezkoa izatea.
Errezeta elektronikoa ezarrita ez duten erkidegoetako zerbitzu probintzialetako mutualistek ere errezeta elektronikoa eskuratu eta erkidego horietako bulegoetan jaso ahalko dute, baldin eta sistema ezarrita dagoen erkidego batera aldi baterako joaten badira. Alabaina, ikus-onespena ohiko moduan eskatu beharko dute, hau da, paperezko errezetarekin —eta, hala badagokio, mediku-txostenarekin— MUFACEren bulegoetan.
Mutualistei gauzak errazte aldera, kontsultategira joatean osasun-txartela eraman beharko dute, besterik gabe. Osasun Sistema Nazionalaren Identifikazio Pertsonaleko Kodea (CIP SNS) da sistemaren identifikazio-modu bakarra; entitate sanitarioaren txartelean ageri da, eta Osasun Zerbitzu Nazionalaren onuradun guztiak, nola erregimen orokorrekoak nola erregimen berezikoak, identifikatzen ditu. Dokumentu horrekin, medikuak pertsona sisteman identifikatu dezake, eta sendagaiak preskribatu ahalko dizkio, eta produktua ohiko ekarpenarekin eskuratzeko aukera egongo da farmazian, paperezko errezetaren beharrik gabe. Horrez gain, medikuak tratamendu-orria ematen du. Dokumentu horretan, tratamenduaren iraupenari eta dosiari buruzko informazioa ematen da.
Azkenik, tratamendu aktiboak —eta, hala badagokio, ikus-onespenak— ikus ditzakete egoitza elektronikoa eta aplikazio bidez funtzionatzen duen MUFACEren zerbitzu elektroniko baten bidez.
SIREM proiektua MUFACEn garatzen da, ahalbidetze aldera itunpeko entitateetako mutualista guztiek preskripzio elektronikoaren abantailak izatea hurrengo hilabeteetan.
BESTE ERREZETA ELEKTRONIKO PRIBATU BATZUEI BURUZKO OHARTARAZPENA
Entitate itunduren batek errezeta elektroniko pribatua eskaini du telemedikuntza-zerbitzuaren parte gisa. Errezeta hori mutualista batek erabiltzen badu, sendagaiaren edo produktuaren % 100 ordainduko du, nahiz eta Osasun Sistema Nazionalak finantzatuta egon. Gogoan izan oraindik ere paperarekin eta errezeta-liburuxkarekin funtzionatzen duela Andaluzian, Katalunian, Valentziako Erkidegoan eta Gaztela eta Leónen, eta MUFACEren errezeta itunduarekin bakarrik balia dezakezula dagokion finantzaketa eta hala baino ezin duzula ordaindu ohiko ehunekoa telemedikuntzaren bidez.
Entitateak eskaintzen duen errezeta pribatu mota hori erabiliz gero, berriro esan behar da erositako produktuaren % 100 ordaindu beharko duzula, eta MUFACEk ez duela aurreikusten gerora diru hori itzultzeko aukera; beraz, ez da eskatu behar.