Errezeta (SIREM)

Zer autonomia-erkidegok ez du oraindik SIREM? Noiz aurreikusten da sartuko direla?

Hona hemen zerbitzua oraindik ere ez duten autonomia-erkidegoak: Andaluzia, Katalunia, Valentziako Erkidegoa eta Gaztela eta León.

Ez dago data zehatzik, baina, aurreikusten denaren arabera, ondo bidean, 2026ko lehen lauhilekoan zehar osatuko da mapa.

Noiz erabili ahal izango da benetan kontsultan ADESLASen eta ASISAren zentroetan?

Ospitale-talde guztiak ez daude SIREM bidez preskribatzeko prest. Sistemak ezarrita daude baina ezarpena mailakatua da; izan ere, ospitale bakoitzak barruan koordinatu behar du egokitzapena bere profesionalekin.

Galdetu zure entitate sanitarioari.

Eskuratu al ditzaket nire medikamentuak errezeta elektronikoarekin beste autonomia-erkidego batera bidaiatzen badut?

Ez du axola preskripzioa non egin den; preskribatutako medikazioa elektronikoki eskuratu ahal izango da, baldin eta medikazioa eskuratu nahi den farmazia errezeta elektroniko itundua hedatuta duen probintzia batean badago.

Landa-ingurunera bidaiatzen baduzu, garrantzitsua da errezeta-liburuxka eramatea, osasun-zerbitzu publikoko medikuek (landa-hitzarmena) EZIN DUTE-ETA SIREM-EN PRESKRIBATU.

 

Zer egingo dut errezeta elektronikoa operatibo ez dagoen autonomia-erkidego batera baldin banoa hilabete baterako baino gehiagorako?

Errezeta elektronikoa operatibo ez dagoenez, paperezko errezetak eraman beharko dituzu zure medikazioa preskriba eta eman diezazuten.

Medikamentuak ikus-onespena behar badu, medikuarengana joan beharko duzu, bidaiak iraungo duen denborarako paperezko errezetak eskatu eta horiei ikus-onespena eman diezaieten eskatu edozein probintzia-zerbitzutan (jatorrian edo helmugan).

Nola jakin nire txartela Mufaceko errezeta elektronikorako erabil ote dezakedan?

Txartelaren atzealdean Datamatrix kode bat sartu behar duzu (QR kode baten antzekoa)

Nola eskatu behar diot txartel bat nire entitateari errezeta elektronikorako?

Mutualisten txartel guztiek Datamatrix (QR) kodea izan beharko lukete, aldaketa 2020an egin baitzen eta bere garaian eguneratze horren berri eman baitzen. Zure txartelak Datamatrix (QR) ez badu, zure entitateari eska diezaiokezu dagokion webgunearen edo aplikazioaren bidez.

Zer da CIP SNS (Osasun Sistema Nazionalaren Identifikazio Pertsonaleko Kodea)? Non agertzen da CIP SNSa entitatearen osasun-txartelean? 23 digituko zenbaki luze bat baino ez dut ikusten.

Mutualistak esparru medikoan eta farmazia-esparruan identifikatzeko, CIP SNS sistema erabiltzen da. 16 digituko kode alfanumerikoa da, eta entitate sanitario bakoitzaren txartelean inprimatuta ageri da. Txartelaren Datamatrixean (QR) ere txertatuta dago, farmazia-bulegoetan irakurtzeko aukera egon dadin, baita banda magnetikoan ere, baina ASISAren txarteletarako soilik.

SIREMen preskribatu al dezakete osasun-zerbitzu publikoetako medikuek, adibidez, landa-inguruneko hitzarmenaren arabera artatzen dutenek?

Ez, osasun-zerbitzu publikoko medikuek ezin dute SIREMen preskribatu.

Nire medikuak ez daki nola eman alta errezeta elektronikoan

Medikuak lan egiten duen aseguru-entitateko probintzia-ordezkaritzarekin harremanetan jarri beharko du, preskripzio elektronikorako sistema ezagutzeko eta han alta emateko. Alabaina, autonomia-erkidego batean jardunean hasi eta lehen asteetan, entitateek euren mediku preskriptoreei errezeta elektronikoaren erabilerari buruzko prestakuntza eman ohi diete.

Nire medikuak ez daki nola sartu sendagaiak nire txartelean.

Medikuak lan egiten duen aseguru-entitateko probintzia-ordezkaritzarekin harremanetan jarri beharko du, preskripzio elektronikorako sistema ezagutzeko eta han alta emateko. Alabaina, autonomia-erkidego batean jardunean hasi eta lehen asteetan, entitateek euren mediku preskriptoreei errezeta elektronikoaren erabilerari buruzko prestakuntza eman ohi diete.

Gerta al liteke mediku batek ASISArekin ezin preskribatzea baina Adeslasekin, ordea, bai?

Baliteke mediku bat entitate baterako alta emanda egotea baina beste baterako, berriz, ez. Medikuak entitatearekin hitz egin behar du.

Egin diezadakete preskripzioa telemedikuntza-kanalean? (ADESLAS eta ASISA)

Bai, ahal da ASISAn eta Adeslasen.

Mediku batek baino gehiagok preskribatu didate; familia-medikuak dena errezeta elektronikoan sar al dezake?

Bai. Baina kontuan izan behar da ikus-onespenaren mende dauden sendagai guztiak ezinbestean preskribatu behar dituela espezialista batek, eta dagokien egiaztapen-txosten medikoa ere izan behar dutela txertatuta.

Ospitale bateko larrialdietara joaten banaiz, errezeta elektronikoa egin al diezadakete?

Bai, baldin eta zentroak MUFACEri konektatutako preskripzio-sistema elektroniko bat badu.

Euren buruentzat errezetak egin ditzaketen mediku erretiratuak sar al daitezke errezeta elektronikoan?

Ez, MUFACEren errezeta elektroniko itundua, berez, entitate itundu bati atxikitako medikoek entitate horren mutualistei preskripzioa egiteko da.

Oraingoz, MUFACEk baimena emandako kanpo-medikuek SIREMen preskribatu ahal izateko funtzionaltasunaren ondorioak aztertzen eta ebaluatzen ari gara.

Egoitza batek galdetu egin du ea nola kudeatu behar dituen MUFACEren entitate itundu bati atxikitako egoiliarren errezeta elektronikoak.

Kasuan kasuko entitate itunduko medikuari dagokio egoiliarrentzako preskripzioa errezeta elektronikoan egitea. Egoitzak egoiliarren tratamendu aktiboen kontrola egin dezake, baldin eta tratamendu aktiboaren orrietarako sarbidea baimentzen badiote egoiliar horiek.

Sendagaia farmazian eskuratzean % 100 kobratu didate. Zer egin dezaket?

Horren balizko kausak hauek dira:

- Zure medikuak errezeta elektroniko pribaturako preskripzio-sistema batetik preskribatu du hutsegitez, eta ez, ordea, MUFACEri lotutako sistematik. Halako kasuetan, tratamendua ez litzateke agertuko MUFACEren tratamendu aktiboaren orrian.

-  Sendagaia ez dago finantzaketa publikoaren mende.

-  Sendagaia ikus-onespenaren mende zegoen, eta ikus-onespena ukatu edo amaitu egin da.

Zurea kasu horietako zein den jakiteko, zure preskripzio elektronikoak kontsultatu ditzakezu zure tratamendu aktiboaren orrian, MUFACEren egoitza elektronikoaren eta aplikazioaren bidez, edota zure medikuari edo MUFACEren probintzia-zerbitzu egokiari galdetuta.

Nire sendagaiak farmaziatik jasotzeko, beti eraman behar al ditut entitate medikoaren nire txartela eta nire medikuak emandako papera?

Entitate medikoaren txartela eramatea komeni da beti, baina txartelik ez baduzu eta gorabeheraren bat gertatzen bada, zure medikuak emandako tratamendu aktiboaren orria erakutsi ahalko duzu.

 

Ez dut nire preskripzioa ikusten aplikazioan. Zer pauso eman behar ditut?

Gorabeheraren berri eman behar diozu MUFACEko probintzia-zerbitzuari.

Nire errezeten historia bat lor al dezaket?

Zure tratamendu aktiboaren orria deskargatu dezakezu, MUFACEren egoitza elektronikoaren edota aplikazioaren bidez.

Aplikazioan kontsultak egiteko, GAKOA behar da.

Preskripzio aktiboak bakarrik egongo dira ikusgai, eta ez, ordea, aurretiko tratamenduak edo amaituta daudenak.

Titularraren eta haren 16 urtetik beherako onuradunen tratamendu aktiboaren orria kontsultatu daiteke. Ezin da 16 urtetik gorako onuradunen tratamendurik kontsultatu.

Ez badut preskribatu didatena 10 egunetan jasotzen eta tratamendu kronikoa bada, hurrengo hilean jaso al dezaket sendagaia?

Ez, preskripzioa amaitu egingo da sendagaia lehen hamar egunetan jaso ezean. Emandako sendagaiak lehenengoz jasotzeko epea 10 egunekoa izango da, tratamendua hasten den egunetik zenbatzen hasita (edo ikus-onespena behar duten produktuei ikus-onespena ematen zaien egunetik zenbatzen hasita). Epe hori gaindituz gero, preskripzioa iraungi eta amaitu egiten da.

Bigarren aldian eta hurrengo aldietan, sendagaiak eskuragarri egongo dira hurrengo jasotze-data baino 10 egun lehenago. Hurrengo jasotze-data emandako ontziaren iraupenaren, zehaztutako posologiaren eta sendagaia emandako azken dataren araberakoa izango da.

Botika-kaxa batek 15 egun irauten badu pazienteari agindutako tratamenduaren arabera, hilean 2 kaxa eman ahal al zaizkio?

Sistemak hilabeteko tratamendurako behar diren sendagaiak kalkulatzen ditu; adibidez, kaxa batek 15 eguneko tratamendurako bakarrik balio badu, bi kaxa eman ahalko dira.

 

Ikus-onespena behar duen medikazioa sartzen didatenean, zenbat egun itxaron behar dut hura jasotzeko?

Ikus-onespena behar duen tratamendu bat preskribatzeak berekin dakar ikuskatzaile batek txosten mediko bat ebaluatzea, indikazioak sendagaiaren baimendutako fitxa teknikora eta Osasun Ministerioak ezarritako finantzaketa-murrizketetara egokitzen direla egiaztatzeko. Baliteke denbora-tarte hori desberdina izatea lan-kargaren arabera, baina ez da 4 edo 5 egunetik gorakoa izan ohi.

Alabaina, zure ikus-onespenaren egoera eta tratamendu aktiboaren orria kontsultatu ditzakezu MUFACEren egoitza elektronikoan eta aplikazioan.

Eta nire ikus-onespenarekin arazoren bat bada, nor jarriko da nirekin harremanetan arazoa konpontzeko? Nola?

Ikus-onespena ebaluatzen duen ikuskatzaileak aurkeztutako dokumentazioari osgabe iritziz gero, ikus-onespenerako sistema elektronikoan emango du horren berri, eta MUFACEko probintzia-zerbitzua mutualistarekin harremanetan jarriko da, arazoa konpontzeko.

Ikus-onespena behar duen sendagai bat preskribatu badidate, eta paperean egin behar bada preskripzioa, nolabait abisatuko al didate? Ez al diote utziko preskribatzen? Farmaziak ezingo al dit eman?

Gaur egun errezeta elektronikoan preskribatu ezin diren sendagaiak —eta, beraz, horiek paperezko errezetan preskribatzen jarraitu behar da— honako hauek dira: formula magistral eta alergiaren edo bakterioen aurkako txerto indibidualizatuak. Era berean, tabakoa erretzeari uzteko sendagaiek oraindik errezeta elektronikorako sisteman ezarri gabeko baliozkotze batzuk behar dituzte, eta, beraz, paperezko errezetan preskribatu beharko dira eta dagokion probintzia-zerbitzuan aurkeztu, baliozkotze sanitarioa eta finantzaketa lortzeko.

Tabakoa erretzeari uzteko sendagaien kasuan, sistemak aukera ematen dio medikuari preskripzio elektronikoa egiteko, baina ikus-onespenera igaro, eta ikuskatzaileak ukatu egingo ditu, probintzia-zerbitzuan kontrol hori eskuz egitea eskatzen baita, paperezko errezetaren bidez. Honenbestez, joan-etorriak saihesteko eta nahasmenduak eragiteko, garrantzitsua da mutualistek jakitea paperezko errezeta erabili behar dela tratamendu horietarako.

Aipatutako gainerako kasuetarako, medikuak ezin du preskripzio elektronikoa egin, aplikazioak ez baitio utziko, eta, beraz, errezeta-liburuxka aurkezteko eskatuko dizu.